Atezko bidexkak
Atezko Udalak bidexka sare bat seinaleztatu du mendi ibilaldiak egiteko. Proiektua 2012an idatzi zen eta, hartan, Udal honetako azken hiru Udal taldeek parte hartu dute.
Bidexka sarearen bidez, gure Bailarako herri guztiak lotuta daude. Beraz, auzokideek eta bisitariek ibilaldi osasungarriak egiteko eta hemengo mendi bazterrak ezagutzeko parada izanen dute. Gainera, gure lurralderen balioa erakutsi eta nabarmentzeko aukera izateaz gain, inguruko bailarekin ere lotuta egonen gara. Sare erabilgarri eta etengabea da, oso egokia gauza zehatz batzuk ikusi eta ezagutzeko (txoko bereziak, trikuharriak, behatokiak, etab.) eta, era berean, bailarako bizilagun eta bisitari guztiei zerbitzua emateko. Gainera, ariketa fisiko osasungarria sustatzeko bidea emanen digu.
Proposatu diren bide aunitz Atezko bizilagunek mendez mende utzitako kultur ondarearen osagaiak dira. Izan ere, bide historikoak dira, edota abelbideak edo azienda bideak, eta haietan barna, jendearen arteko harremanak bideratu dira.
Lan handia egin da ibilbideen nondik norakoa zehazteko. Izan ere, buru belarri aritu dira lanean gure bailarako bizilagun sorta bat, udal langileak eta hainbat entitate publiko. Halaber, sareak uki ditzakeen pertsona guztien ekarpenak hartu dira aintzat.
Lan horren ondorioz, hasierako trazatuan aldaketak egiteaz gain, bidexka alternatiboak egokitu dira, bai pasabide azkarrak aurreikusi ere, atakak edo langak ez ukitzeko.
Proiektuan lankidetzan aritu diren bailarako boluntarioen lana aipatu beharra dago. Izan ere, gure bazterrak arrunt ongi ezagutzeaz gain, prest daude paisaia eta leku horiek guztiak erakusteko eta besteen eskura jartzeko. Guztiek ere buru belarri parte hartu dute erabakietan eta bidexkak moldatzeko lanetan. Hortaz, mila esker, bihotz bihotzez.
Era berean, gure Kontzejuetako buruen elkarlana nabarmendu beharra dago, uneoro erraztu baitute lana, eta laguntza baliogarria eman dute trazatu erakargarri eta erabilgarria gauzatzeko. Halaber, baserrijabeak hartu nahi ditugu gogoan, lan horiek egin ahala agertu zaizkigun zailtasunendako konponbideak eman dizkigutelako.